XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zubira igon naiz eta lehen ofizialearen eskuetatik lemaren ardura jaso dut.

Itsasoaren zabalak baretu egin dit urduritasuna, zeru urdin distiratsu eta muga gabeak gure grinen higuina nabarmentzen didalarik.

Hemen, orain, isila eta handitasuna ditut lagun eta hainbat gogoeta egiteko aukera ematen didate.

Gai goitiarrak erabili nahi nituzke, besterik egitea desegoki iruditzen baitzait, baina halabeharrak bortxatzen nau, bide apal eta zikinagoak hartzera behartzen nau.

Mailu baten danbada ozenak bailiren, susmagarriek esan dizkidaten esaldiak nire barnean behin eta berriz entzun ditut eta hilketa aztertzera eramaten naute.

Kontramaisua, makinista... Nolako gizon ezberdinak biak!....

Bata ekintza gizona, eta bestea idealista....

Bietarikoak behar dira munduan....

Eta ni, zer naiz?...

Maiz sentitu ditut ene barnean burrukatzen idealismoa eta errealitatea.

Idealista izan nahi nuke, garbiagoa, goitiarragoa, bikainagoa baita... baina munduan bizi naiz, itsasuntzi honen ardura dut... eta zergatik aitortu ez, gizarte honek eskaintzen dizkidan plazerrak atsegin zaizkit.

Ba dakit, bai, jakin, ene kontzientziak eskatzen didanari ez entzunarena egitea ez dagoela ongi, ba dakit guztiek egiten dute hori atxakia huts bat besterik ez dela....

Zuzen daude haragia ahula dela esaten dutenak... Baina zertan ari naiz? Hilketa aztertu behar dut.